XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dakit postmoderno izena azken elkarrizketan erabili genuen.

Hain zuzen berria edo modelnoa den oro izendatzeko hitz erabilgarria bihurtu da, unibertsitatean adiera tekniko zehatzagoz badarabilgu ere.

Dena den, etxekoontzat, postmodernoak dira Linch-en eta Almodovar-en filmeak, jostailu itxurako arkitektura berri guzti hori eta moda retro fifties, sixties, seventies eta horrelakoak.

Edota dagoeneko hemen unibertsitatean lagun artean esaten dugun bezala: po-mo dira, "they're really po-mo".

Jakina, hemen dena laburtzera jotzen dugula badakizu: LAra noa (los Angelesa), ez naiz VIP bat (very important person), negro bezalako hitzak ez dira PC (politically correct, politikoki zuzenak), eta abar luzea.

Eta orduan pomo love zer?

Beno, beti bezala harira ezin zuzenean joan.

Orain lau urte Londresen bizi nintzela entzundako bi istorio etorri zaizkit burura pomo love-a dela medio.

Gogoratzen al zara neska legazpiar haren kasuaz, zeina Londresa joan ingelesa ikastera (Cambridgeko First Certificate preziatua) eta iraniar batekin bizitzen bukatu baitzuen?

Gogoratzen nola azkenean aski da, hiri honetatik banoa esan eta Legazpira itzuli zen?

Gogoratzen azkenik nola iraniarra egun gutxi beranduago Legazpin plantatu zen berarekin Londresa itzul zedila erregutuz?

Jakina, esamesak ugari ibili ziren Legazpin presentzia atzerritar haren kontura.

Eta legazpiarra Legazpin geratu.

Edo gogoratzen beste azpeitiar neska hura (bera ere anglofiloa), Londresen rastafari batekin bizitzen hasi, umea egin, rastafariarekin nazkatu eta bapatean amaren etxean Azpeitian plantatu zena seme kolorezko hura besoan zuela?

Azpeitia ere ez omen zitzaion Legazpiri atzean ibili esamesetan.

Oraingoan rastafaria ez omen zen azaldu Azpeitian.